Zadie Smith

Zadie Smith

(Londres, 1975) idazleak 2000. urtean argitaratu zuen bere lehen eleberria, ‘Dientes blancos’, Cambridgeko Unibertsitatean Ingeles Filologia ikasten ari zela. Haren estreinako lanak oihartzun handia izan zuen, eta mundu osoan ospetsu egin zuen etorkizun oparoko gazte hura. Hurrengo eleberriek haren izen ona sendotu baino ez zuten egin:  ‘El cazador de autógrafos’, ‘Sobre la belleza’, ‘NW Londres’ eta ‘Tiempos de swing’. Salamandra argitaletxeak 2024an plazaratu zuen haren seigarren eleberria: ‘La impostura’. Izan ere, argitaletxe horrek berak argitaratu ditu egilearen lanen gaztelaniazko itzulpenak; esaterako, ‘Cambiar de idea’, ‘Con total libertad’ eta ‘Contemplaciones’ entsegu-bildumak eta Gran Union kontakizun-liburua. Haurrentzako bi liburu idatzi ditu senarrarekin batera (Nick Laird poeta eta nobelagilea), Chaucer-en lan bat egokitu du antzerkirako, eta hainbat zinema- eta literatura-kritika egin ditu. Literatura-irakasle izan zen New Yorkeko Unibertsitatean, 2010tik 2020ra, eta gero, Londresko ipar-mendebaldera itzuli zen, haren jaiolekura, alegia.

© Alex Cameron