Argazkiak: Jonathan Lethem | Random House // Samanta Schweblin © Isabel Wagemann
Jonathan Lethem, Peter Kuper eta Samanta Schweblin izango dira inoiz baino nazioarteko gonbidatu gehiago izango dituen edizio honetako protagonista gailenetako batzuk.
Jonathan Lethem (New York, 1964) narratiba garaikidearen baitan irudimen gehien duen idazleetako bat da. Haren obren artean, nabarmentzekoak dira ‘Huérfanos de Brooklyn’ (2001) —Tourette sindromea duen detektibe berezi baten istorioa, Edward Nortonek 2019an zinemara eramana—, ‘La fortaleza de la soledad’ (2005), ‘Chronic City’ (2011), ‘Los jardines de la disidencia’ (2014), ‘El detective salvaje’ (2024), eta urrian aterako den ‘Brooklyn, una novela criminal’, aurreko obra guztiak plazaratu dituen Random House argitaletxearen eskutik. Hain zuzen ere, edizio honetan mendeurrena betetzeagatik omenduko dugun ‘The New Yorker’ astekarian idatzi ohi du Lethemek.
Astekari entzutetsuak kalitatezko kazetaritza eta literatura ditu bereizgarritzat, eta baita umorea ere. Harold Rossek, aldizkariaren sortzaileak, abiarazi zuen argitalpenaren azaletan eta binetetan nabaria den izaera ludiko hori, eta horrexek bereizten du aldizkaria garai berean sortu ziren batzuetatik, hala nola ‘Time’ eta ‘Life’.
Peter Kuper artista grafikoak (New Jersey, 1958) hogei urte baino gehiago daramatza ‘The New Yorker’ aldizkarian kolaboratzen. Haren binetak maiz ikusten dira ‘The Nation’ eta ‘Charlie Hebdo’ argitalpenetan ere. Dozena bat liburu argitaratu ditu. Horien artean, aipatzekoak dira ‘Diario de Oaxaca’ (Sexto Piso, 2009) eta ‘Diario de Nueva York’ (Sexto Piso, 2011). Horrez gain, Joseph Conraden ‘El corazón de las tinieblas’ eta Franz Kafkaren ‘Metamorfosia’ literatura-lanak egokitu ditu. Haren azkeneko lana ‘Insectópolis’ (Astiberri, 2025) da.
Samanta Schewblin 1978an jaio zen Buenos Airesen, eta Berlinen bizi da 2012az geroztik. Haren belaunaldiko idazle garrantzitsuenetako bat da. ‘Distancia de rescate’ (2014) eleberriaz aparte, haren ibilbidean narrazio-lan laburrak dira nagusi; besteak beste: ‘Pájaros en la boca’ (2008), ‘Siete casas vacías’ (2015), ‘Kentukis’ (2018) eta, azkena, ‘El buen mal’, Seix Barral argitaletxeak aurten plazaratutakoa. Argitaletxe horrek berak haren lanetako asko berrargitaratu ditu. Schewblinen ipuinetako batzuk ‘The New Yorker’ aldizkarian argitaratu dira.
Ikuskizunak: programa bikoitza
Aurtengo berrikuntzetako bat da ikuskizunetan saio bikoitza egingo dela. Sarrerak uztailaren 18ean jarriko dira salgai, jaialdiaren web-orrian. Saio biak uztailaren 11n gauzatuko dira.
‘El Sentido De La Birra Live’ izen bereko Youtube-kanal arrakastatsuaren hedapena da. Elkarrizketa-saioa da, eta Ricardo Moyak aurkezten du. Zuzeneko bertsioan, emanaldira arte isilpean gordetzen diren gai eta gonbidatu sorpresa bana ditu. Saioak 2021ean hasi zuen bira, eta Bilbon egingo da lehenbizikoz.
Bigarren ekitaldia Bilborock Aretoan egingo da. New Yorkeko STUDIO 54 klub mitikoan oinarrituko da, eta Joaquín Reyes izango da disko-jartzailea eta zeremonia-maisua. STUDIO 54 Manhattan-eko diskoteka ezaguna izan zen 70eko hamarkadan, eta pertsona famatuak ohikoak ziren bertan: Andy Warhol, Truman Capote, Mick Jagger, David Bowie, Cher, Salvador Dalí, Jerry Hall… Zaldi zurira igotako Bianca Jaggeren argazkiak eta beste hainbat irudi ikonikok girotuko dute ospakizuna, eta gonbidatuei mozorrotuta bertaratzera animatuko zaie.