Jaialdiaren 14. edizioa irailaren 27tik urriaren 8ra ospatuko dugu, Bilbon. Pasadan urteko gune beretan egongo gara: lehen astean, 2010etik, Ja!-ren hasieratik, ohiko eszenatokia den Kale Nagusiko BBK Salan. Egitarauaren bigarren zatia, berriz, UPV/EHUren paraninfoan, Abandoibarra etorbideko Bizkaia Aretoan, gauzatuko dugu.
Jaialdiaren aurretik, Naukas Bilbaoren zientzia, eszeptizismoa eta umorearen jaialdian egongo gara. Neuromagiari buruzko ekitaldi bat egingo dugu elkarrekin, baina oraindik zehazteko dago.
Ohikoa den bezala, 2023ko Ja!-ren egitarauan nazio eta nazioarteko egile garrantzitsuak egongo dira, eta umorearekin zerikusia duten gaiak jorratuko dituzte. Egitaraua irailaren erdialdera argitaratuko da, baina protagonista eta gai nagusi batzuk aurrera ditzakegu jada.
Magia eta Javier Jaénen kartela
Hurrengo edizioan, magia nagusituko da. Magia literaturaren, beste arte batzuen eta umorearen ikuspegietatik ikusita; eta magikoa, arrazoibidetik at eta naturaz gaindi gertatzen dena, ulertu eta aurreikusi ezin dezakeguna, irudimenaren ahalmenarekin duen erlazio estua eta arteetan duten eragina.
Irudimena, eta baita umorea ere, gizakiaren bereizgarriak dira, eta horien arabera ulertzen eta irudikatzen du mundua (modu figuratuan zein poetikoan). Ja!-ren 14. edizioak eremu magiko eta miragarri horretan aldarrikatzea du xede.
Javier Jaén artista grafikoak diseinatu du 2023ko kartela, bigarren urtez. Zuri-beltzeko ilargi-eklipse estilizatuak begi bat marrazten du, eta amarrutik ere badu zerbait. Jaialdiak publikoarentzat sortutako bidaia magikoa iragartzen du.
Méliès magoa
‘Méliès magoa’ izenburupean, egitarauaren barruan magiak zenbaterainoko garrantzia duen erakutsi nahi izan da.
George Méliès (1861-1938) ilusionista eta zinemagilea izan zen, baita pantailaratutako fantasiazko generoaren aitzindari bikaina ere. Irudimen handiko dekoratu barrokoetan filmatutako ekintza fantastiko eta irudi onirikoekin mundu oparoa sortu zuen. 1902ko ‘Ilargira bidaia’ filmaren egilea da, bere maisulana. Zinearen historian irudi ikonikoa da. Ilargiak giza aurpegiaren itxura dauka, eta espazio-ontzia ere baden kanoi-obusak begi bat zulatzen dio. Ilargi-begi horretan oinarritzen da Javier Jaénen kartela.
Bere filmografiaren sekuentzia eta film labur batzuk proiektatuko dira, eta, gero, ikusitakoaren eta zinemagilearen nobela-itxurako bizitzaren gainean jardungo dira Mélièsen bi jarraitzaile zoro: Raquel Sastre umorista —Sombra fantasiazko zinema-jaialdiaren antolatzailea— eta Imanol Ituiño magoa — eta magiaren historiaren dibulgatzailea eta dokumentalista— .
Sekuentzien proiekzioak xarma handia izango du, eta, izan ere, antzinako zinema mutuaren estilora, Lola Barroso Nórdica Libros argitaletxeko prentsa-arduradun eta pianista profesionalak saiorako prestatu duen musika-konposizioa joko du. Juan Basek aurkeztuko du saioa.