Ja! Jaialdiaren hamaseigarren edizioa urriaren 9tik 20ra egingo da. Aurreko edizioaren ildo beretik, BBK Sala eta EHUren Bizkaia Aretoa izango dira 2025eko egitarauaren agertoki nagusiak, eta, aurten, gainera, Bilborock Aretoa eta Bidebarrieta Kulturgunea gehituko dira.
2025eko Ja! Jaialdiko egitarau osoa irailaren erdialdean argitaratuko da. Dagoeneko ohikoak diren egile nazional ezagunak eta inoiz baino egile internazional gehiago bertaratuko dira. Mota guztietako ikusleak erakartzeko jarduerak proposatuko dira, esparru jantziak eta herrikoiak uztartuz eta umorea ardatz gisa erabiliz. 2025eko egitarauak gazteentzako proposamenak ere biltzen ditu.
New York izango da egitarauaren eta Javier Jaenek marraztutako kartelaren gai nagusia
2025eko Ja! Jaialdia New Yorkeko hiriari dedikatu diogu, hiru urtemuga garrantzitsu betetzen direlako: ‘The New Yorker’ aldizkari ikonikoaren mendeurrena, ‘Saturday Night Live’ telebista-programaren 50. urtemuga eta Francis Scott Fitzgeraldek ‘The Great Gatsby’ maisulana plazaratu zuenetik ehun urte igaro izana.
Beraz, ekitaldiak eta protagonistak nolabait ere lotuta egongo dira etxe orratzen hiri ezagunarekin, eta ez bakarrik eremu fisikoari dagokionez. Izan ere, alderdi emozionalarekin lotuta egongo dira batik bat —liburuak, filmak, komikiak eta obra artistikoak biltzen dituen imajinarioa horrekin, alegia— eta ‘New York State of Mind’ deitu ohi zaion umorearekin ere bai —bi zentzuetan—.
Javier Jaén para Ja! 2025
Aurten ere, XVI. edizioko kartela Javier Jaen artista grafikoak egin du. New Yorkeko taxi ezagunak gogora ekartzen dizkigun kolore hori biziaren gainean, King Kong basatia modu dibertigarrian irudikatu du, zuri-beltzeko zinema klasikoa eta kazetaritza newyorktarraren urrezko aroko egunkarien eta aldizkarien estetika islatzen dituen puntu-bilbearen bidez.
2010az geroztik, Jaialdiko historia eskuragai dago hemen: www.jafestival.com. Gainera, orain, jaialdiko jarraitzaileek «Ja! lagunak» bazkidetzan parte hartu, eta hainbat abantaila lortzeko aukera edukiko dute.