© Bryan Meade
Idazle irlandarra 2023ko jaialdiko gonbidatu nagusietako bat izango da. George Steiner kritikariak hari buruz esan zuen «ingeleseko idazlerik azkarrena» eta «estilistarik dotoreena» dela. Banville umorearen taumaturgoa da, eta, izan ere, haren literaturak jolasa eta sofistikazioa nahasten ditu. Horregatik, ezin zuen magiari, hots, irudimenaren adierazpen gorenari, eskainitako jaialdi honetara huts egin. María Fasce-k, Alfaguaran duen editoreak, jendaurreko elkarrizketa egingo dio.
Banvilleren eleberriak maisulanak dira, eta, besteak beste, Booker Prize Saria, Kafka Saria eta Asturiasko Printzearen Letren Saria jaso ditu. Boston Globek «izugarrizko talentua, argitasuna eta adimena dituen magoa» zela esan zuen. Banvilleren obra adierazpen metaforiko eta pertsonaia liluragarriz, eta, askotan, barregarriz, beteta dago, eta Oviedoko epaimahaiak nabarmendu zuen haren prosak «eremu liriko liluragarriak erakusten dizkigula edertasuna eta ironia uztartzen dituzten aipamen kulturalen bitartez».
Haren azken eleberria, ‘Las singularidades’ (2023) izenekoa, maisulana dela iritzi zaio, orain arte idatzi duen obra onenetako bat. Banvillek dio «Everestera egindako igoera» honetan liburu guztiak bat egin dituela, eta ez duela horrelako beste eleberririk idatziko. Egia bada ere —bere liburuetako jainkotxo ironiko eta bihurriekin gertatzen da, sekula ezin da jakin Banville benetan ari den—, bere jarraitzaileak garenok espero dugu Benjamin Black-ek, bere «alter egoak», idatzitako nobela beltzen bat geratzea xisteran.
Kasualitateak —edo sorginkeriak— 2023ko egitarau honetan Vanville eta Black, Olivares eta Pertierra elkartu nahi izan ditu, bikoiztasunen eta ezizenen jolas partekatuan. Aurresan dezakegu ez direla 2023ko mirari bakarrak izango.