K Lurraldea

Franz Kafka (1883-1924)

Praga

Franz Kafka 1883ko uztailaren 3an jaio zen Pragan, oraindik ere inperio austro-hungariarraren mende zegoenean. Han igaro zuen bere bizitzako zati handiena. Hiria maite zuen, eta, aldi berean, gorrotatu. Haren etxea, gotorlekua eta espetxea izan zen.

Kafkaren bizitza eta literatura haren jaioterriari lotuta daude. Hasierako istorioak salbu, Kafkaren kontakizunak giro bitxiki zapaltzailean gertatzen dira, eta, hortaz, Pragan bertan kokatzen ez badira ere, Europa erdialdean dagoen hiri hori dakarkigute gogora.

Kafkak nortasun kultural konplexua zuen. Alemanez hitz egiten zuen, baina txekiarra zen jaiotzez, eta haren arbasoak juduak ziren. Pragako ghettoan hazi zen, Europako zaharrenetako bat, alegia. Kalezulo bihurriz, pasagune enigmatikoz eta ezkutuko patioz betetako ghetto horri buruzko kondaira asko daude. Ezagunena Löew errabinoarena da, XVI. mendean hiriko judutarren gida espirituala izan zen eruditua. Mitoak dio errabinoak buztinezko izaki bat sortu zuela —Golema—, bere komunitateko kideak babesteko. 1915ean, Gustav Meyrink-ek Golemari buruzko nobela ezaguna argitaratu zuen, eta, horren bitartez, istorio fantastiko horiek ezagun egin ziren, baita judaismoan heziak izan ez zirenen artean ere (horien artean, Kafka).  Praga hiri magikoa eta ilun samarra izateagatik da famatua, eta ospe horren zergatia idazle txekiarrari egotzi ohi zaion arren, egiaz Meyrick-ek sortu zuen irudi hori. Nolanahi ere, Kafkaren Praga magikoa desberdina da oso, egilearen argitasun intelektualaren ondorioz.

Judaismoa

Kafkaren familia jatorri judutarrekoa zen, eta idazleak harreman anbiguoa izan zuen haren tradizio erlijiosoarekin. Ez zuten judaismoan hezi, eta apenas praktikatu zuen. Aitak komunitate judutarra utzi zuen, bere iragan apalaren arrasto oro desagerrarazteko. Alabaina, batzuetan semearekin sinagogara joaten zen, eta Kafkak judutarren zeremonia garrantzitsuenetako bat egin zuen: Bar Mitzvá, heldu bihurtzeko eta erantzukizun erlijiosoak onartzeko unea irudikatzen duena.

Yidis antzerki talde txikia iritsi zen Pragara Poloniatik, eta eragin handia izan zuen Franz gaztearengan. Urte batzuk beranduago, hasidismoari buruzko interesa piztu zitzaion. Europako ekialdeko judaismoaren adar bat da, eta esperientzia mistikoak eta naturaz gaindikoa aztertzen ditu. Kafka sionismora hurbildu zen, haren lagun Max Broden eraginez, eta ‘Agindutako Lurraldera’ emigratzea ere pentsatu zuen, baina beti izan zituen proiektu sionista harekiko sentimendu kontrajarriak.

Kafkak bizitako garai hura bereziki zaila zen erdi-mailako klaseko judutarrentzat: «Arratsaldero, judutarrenganako gorrotoaz blaitzen naiz». Berak ere izan zituen judutarren kontrako jarrerak, behin baino gehiagotan. Milenari idatzitako gutun batean, honela galdetzen zion bere buruari: «Zertan nator bat judutarrekin? Neure buruaren kideko ere ez naiz kasik». Hori egunerokoan bere burua gaitzesteko ohituraren isla dela esan genezake (judutarren oso berezkoa dena, bide batez), baina gogoratu behar da nortasuna dela haren obraren gai nagusietako bat. Badirudi Kafka ez dela inongo taldetako kide sentitzen: ez judutarra, ez txekiarra, ezta gizakia ere.

Familia

Franz Kafka Hermann Kafka eta Julie (Löwy) senar-emazteen lehen semea izan zen. Biak ziren judutarrak, eta landa-eremukoak. Aitak izugarrizko gorpuzkera zuen, eta nortasun handiko pertsona zen. Jatorri apalekoa bazen ere, hirira emigratu zuen emaztearekin, eta, elkarrekin, oihalak eta hariak saltzeko negozioa jarri zuten martxan. Lan asko egin zuten, eta arrakasta lortu ere bai. Julie, aldiz, ehun-gaien merkataritzako familia aberats eta jantzi batetik zetorren. Franzek amaren familiarekin harreman handiagoa izan zuen beti, bi osabekin bereziki: Alfred, «Madrilgo osaba» deitu ohi zutena, eta Siegfried, landa-medikua. Juliek askotan babestu zuen Franz txikia aita zorrotzaren kontra. Alabaina, familiako seme zaharrena eta gizonezko bakarra zenak aske bizi nahi zuen, familia-negoziotik urrun, eta ziurrenik, guraso biek desengainu handia hartuko zuten horrekin.  Tentsio hori Kafkaren kontakizun eta eleberri askotan nabari da.

Franzek hiru arreba zituen: Gabriele (Elli), Valerie (Valli) eta Ottilie (Ottla). Ottilie izan zen Kafkaren konplizea eta arreba kuttunena. Hiruretan gazteena zen, eta Kafkak baino bederatzi urte gutxiago zituen.

Franzek familiarekin igaro zuen bere bizitza laburraren zati handiena. Etxeko zaratak bere onetik ateratzen zuen askotan, baina sekula ez zuen familiaren etxea guztiz abandonatu.  Izan ere, familiarekin harreman estua zuen. Horren seinale dira gurasoei idatzitako azken gutunetan nabari diren maitasuna eta errespetua, eta bizitzaren amaieran oso gaixo zegoela ezkutatu nahi izatea.

Aita

Hermann Kafka Bohemiako hegoaldeko herrixka batean jaio zen, familia apal batean. Haren aita, Jacob Kafka, kosher harakina zen, eta haren gorpuzkera eta izaera sendoak heredatu zituen. Hermannek ez zuen ikasteko aukerarik izan, oso gazte hasi baitzen lanean; baina txekiarra eta alemana menperatzen zituen eta aurrera egiten lagundu zion horrek. Armadan izan zen hiru urtez, eta sarjentu izatera iritsi zen. Beti gustatu izan zitzaion agintea eta indarra erakustea.

Julie Löry landa-eremuko familia aberats batetik zetorren, eta harekin ezkondu zenean, Hermann klase sozialez igo zen, nolabait ere. Pragan ezagutu zuten elkar. Ezkondu ostean, denda ireki zuten elkarrekin, eta baita irabazi handiak lortu ere. Gogor lan egin zuen eta ahalegin guztiak egin zituen, iraganaren arrastoa eta jatorri judutarra atzean uzteko. Etxean, alemanez hitz egiten zuten, eta etxetik kanpo, berriz, txekiarrak zirela ziurtatzen zuen. Sona handiko merkataria eta ereduzko familia-burua izan zen. Franz zuen seme bakarra, eta haren bide beretik jarraitzea nahi zuen, etorkizunean negozioaz arduratzeko eta familia izateko. Alabaina, semeak ez zuen aitaren antzik, eta bazituen berezko planak.

Franz txikitatik izan zen aitaren beldur, eta, izan ere, aitak koldartzat zeukan. Hermannek inoiz irakurri ez zuen Aitari gutuna idazki famatuak honela zioen: «Nire kontakizun guztiak zuri buruzkoak dira». Kafkaren istorioetan, agintarien boterearekiko beldurra, erruduntasun-sentimendua, laidoa eta autoritatearekiko gatazka dira gai nagusiak, eta aitaren irudi beldurgarriaren ondorioa dira, ezbairik gabe. Alabaina, beti tirabiraka zebiltzan arren, aita miretsi zuen.

Emakumeak

Emakumeak izan ziren Kafkaren babeslekua, eta, aldi berean, arrisku handiena. Familian, amak eta arrebek babesten zuten, bereziki arreba gazteenak, Ottlak. Arrebak jada heldua zela, Franzi ostatu eman zion, Pragako Urrezko Kalezuloko etxetxo batean lehenbizi, eta Zürau-ko finkan ondoren. Kafkak istorio asko idatzi zituen han, gurasoen etxeko distrakzioetatik libre. Ottla izan zen haren konplize handiena, eta arreba kuttunena.

Franz ez zen sekula ezkondu. Gutun bidezko maitasun harremanak izan zituen batik bat, kartsuak bezain nahasiak. Gutunetan arima ematen zuen, barrenak husten zituen lotsarik gabe, eta haren zintzotasunak harritu egiten gaitu, gorteatzeko prozesuan ez baitzuen bere alderik erakargarriena erakusten.  Hala ere, emakumeekin distantzia fisikoa mantendu zuen beti. Haren sexualitate konplexua gaztetan prostituta batekin izandako esperientzia ilun baten ondorioa omen da. Bestalde, literaturari buru-belarri ekin nahi zion, eta horrek ere emakumeengandik aldendu zuen. Haren gutun eta egunerokoen bitartez ezagutu ditugu Kafkaren bizitzako emakume garrantzitsuenak: haren emaztegai izan ziren Felice Bauer eta Julie Worhryzek; Milena Jesenská, Kafka ondoen ulertu eta gehien errespetatu zuen emakumea;  eta Dora Diamant gaztea, haren kontsolamendua bizitzako azken uneetan. Haiekin izandako posta-trukea benetako tailer literarioa izan zen, dudarik gabe. Emakume haiek energia-iturria izan ziren Kafkarentzat, eta kontakizun askoren iturri ere bai. Gutunetan eta egunerokoetan, Kafkak berak aitortu zuen Zigorra eta Prozesua Felicerekin zuzenean lotuta zeudela, eta Gaztelua idazteko, Milenan inspiratu zela.

Lagunak

Kafka gizon bakartia eta barnerakoia zen, baina ez antisoziala. Inguruan zer gertatzen zen behatzea eta entzutea gustatzen zitzaion. Irribarretsu eta adeitsu agertzen zen jendaurrean, eta, aldi berean, pertsona hotza zen, kristalezko horma baten atzean babestuko balitz bezala. Gertukoenek ere urrun sentitzen zuten, baina lagun leiala zen, eta gaueko kafeetan eta kabaretetan inor ez bezala dibertitzen zen.

Gaztetatik, Max Brod idazle eta editorearekin harremana izan zuen. Hari zor diogu, Kafkaren obra mantendu, eta hil ondoren ez suntsitu izana, egileak berak eskatu zionari muzin eginez. Brodek Kafkaren idatziak miresten zituen, haren konfiantzazko laguna zen, eta Europan zehar egindako bidaietara, zinema-saioetara eta literatura tertulietara laguntzen zuen beti (esaterako, Pragako Zirkulua, bien lagun handia zen Franz Werfel idazlea ere kide zuena). Oskar Pollak izan zen Kafkaren beste lagun handia, eta ikasle-garaian bereziki eragin zion. Hari idatzi zizkion irakurketari buruzko lerro esanguratsu hauek: «Nire ustez, hozkan eta zirikan dabiltzanen liburuak irakurri behar ditugu bakarrik. Irakurtzen dugun liburuak esnatzera behartzen ez bagaitu, aurpegian muturrekoa jaso izan bagenu bezala, zertarako irakurtzen ari gara? […]Liburu batek gure barruko itsaso izoztua hausten duen aiztoa izan behar du». Halaber, jakina da Kafkak asko gozatzen zuela bere istorioen zatiak ozenki irakurtzen, eta haiekin lagunartean barre algarak eragiten.

Osasuna

Kafkak bere gorputza higuin zuen txikitatik. Altua eta oso mehea zen. Aita gihartsuarekin alderatzen zuen bere burua, maiz, eta maskala eta barregarria sentitzen zen, elkarrekin Hiriko Igeriketa Eskolara joaten zirenean. Horrela sentitu zen bizitza osoan. Helduaroan, ariketa eta dieta naturistak praktikatzen zituen gogoz. Horietako batzuk mokadu bakoitza hamar aldiz murtxikatzean oinarritzen ziren, eta aita sumintzen zuten. Aita kosher harakin baten semea zen, eta ez zuen begi onez ikusi Franz barazkijale bihurtu izana.

Hainbat urtez, Franzek Müller-en metodoa praktikatu zuen egunero. Hamabost minutuz, hainbat mugimendu egin behar zituen, biluzik, leiho aurrean. Paseatzea, arrauna eta tenisa ere gustuko zituen, eta sekula ez zuen utzi igeriketa. Idazle-igerilarien klubeko burua zen. Kafkarentzat igeri egitea behar-beharrezkoa zen.

Loezina zuen, eta hark berak aitortu zuen gaixotia eta hipokondriakoa zela. Medikuntza tradizionalarekin ez zen fio. Sendatzeko, nahiago zituen atsedena eta aire freskoa, eta, horregatik, Europako hainbat bainuetxetan eta erietxetan egonaldiak egiten zituen. Berrogei urterekin hil zen, tuberkulosiak jota. Lehen zantzuak nabaritu zituenean, Kafkak medikuntza klasikora jotzea beste erremediorik ez zuen izan. Hala ere, sinetsita zegoen bere aldartearen ondorioz gaixotu zela. Viena inguruko erietxe batean eman zituen azken egunak, Dora Diamant izeneko emakume batekin, haren azkeneko emaztegaiarekin, alegia. Nekez jan zezakeen, edota hitz egin. Haren ironiaren eta haren bizitza eta obra beti lotuta egon zirenaren adibide dira, hain zuzen, azken ipuinak: Gosearen artista eta Josefina abeslaria.

Lana/Idatzi

Kafkak gizatasunik gabeko burokrata irudikatu zuen, bere obraren bitartez. Gauez idatzi behar izaten zuen, orduan aurkitzen zituelako isiltasuna eta egunez falta zitzaion denbora. Horregatik ere, Bohemiako Erresuman Lan Istripuen Aseguru Konpainian bizitza osoan betetako lanpostua gorroto zuela uste da. Aitzitik, ez zen horrela izan. Zuzenbidea ikasi zuen. Askatasun handiagoa nahi bazuen ere eta lanaren alderdi batzuek gogaitzen bazuten ere, ardura handiz bete zuen lanpostua, eta aitaren aurrean duintasuna ematen ziola sentitzen zuen. Nagusiek egindako lana aitortu zioten, eta mailaz igo zuten. Armadan izena ematea eta Gerra Handira joatea eragotzi zioten, lanpostuan ezinbestekoa zelako. Kafkaren lanari esker, istripuak eta hildakoak gutxitu ziren Bohemiako industrietan.

Gainera, Kafkak ez zuen literatura ogibidetzat hartzeko asmorik. Bizirauten laguntzen zion premia zen, besterik gabe. «Ni naiz literatura», idatzi zuen bere egunerokoetan. Idazteko esertzea introspekzio-ariketa zaila zen harentzat, eta mundutik aldentzen eta, aldi berean, mundua onartzen laguntzen zion. Gauez idazten zuen, trantze moduko batean, ametsetan egongo balitz bezala: «Idaztea heriotza baino amets sakonagoa da. Gauez, inork ez nau idazmahaitik mugituko, hilotza bere hilobitik inork aterako ez lukeen modu berean».

Historia

Mende-aldaketa momentu historikoa eta nahasia izan zen. Batetik, Kafkak gogo onez hartu zituen berrikuntza teknologikoak agertu ziren (zinema eta aeroplanoa), eta, bestetik, panorama politiko eta ekonomiko konplexu batek tentsio sozialak eragin zituen. Egoera are larriagoa zen haren kasuan. Izan ere, aurreko erregimena eraldatzen ari baitzen eta nazionalismoak gorakadan zeuden, eta horren guztiaren erdian, Kafka integratutako judutarra zen. Txikitatik, antzinatik judutarrengan sentitutako gorrotoa bizi zuen, eta berak ere judutarra izateagatik bere burua gaitzesten zuen. Dendetan izandako lapurretak, sinagogen eta liburu hebrearren erreketa eta Palestinara egindako emigrazioak ikusi zituen. Hark ere erbesteratzearen ideia buruan zebilkien.

1914ko abuztuaren 2ko egunerokoan askotan aipatu zuen hori: «Gaur, Alemaniak gerra deklaratu dio Errusiari. Arratsaldean igeri egitera joan nintzen». Alabaina, jakina da armadan izena ematen saiatu zela, Felice Bauer-ekin ezkondu behar ez izateko, hein batean, eta haren nagusiek eragotzi ziotela. Ingurua behatzeko gaitasun handia zuen, eta askotan etorkizuna iragar zezakeela zirudien; baina haren adimena ez zegoen inola ere inguruan sortzen ari zen garai odoltsutik kanpo. Edozelan ere, gerraren ondorioak jasan zituen: frontetik zetozen eta lanean egunero ikusten zituen mutilatuak, postaren zentsura, bidaiatzeko kontrolak, errazionamendua, argitaletxeak suntsitzea, aurrezkiak galtzea eta frontean hildako lagun maiteak, hala nola Oskar Pollak. Kafkaren heriotzaren ostean, naziek gas-ganberatan hil zituzten haren hiru arrebak. Milena Jesenská maitea ere hil egin zen, Rabensbrük-eko kontzentrazio-esparruan.